Zer da bidezko merkataritza?

Konbentzionalaren ordezko merkataritza-sistema solidarioa da bidezko merkataritza, herriak garatzea eta pobreziaren kontra borrokatzea helburu duena.  Hauetan oinarritzen da:

- Lan-baldintza eta soldata egokiak Hegoaldeko ekoizleentzat, duintasunez bizitzeko aukera izan dezaten.

- Haurrak ez esplotatzea: Produktuak ez dituzte haurrek egin.

 - Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna: Biek bidezko tratu eta ordainsari ekonomikoa jasotzen dute.

- Ingurumena errespetatzea: Gaiak fabrikatzean, ekoizten diren ingurua errespetatzen dute.

Horregatik guztiagatik, lankidetza-tresnatzat hartzen dute bidezko merkataritza.

Halaber, Iparraldeko eta Hegoaldeko erakundeek osatutako nazioarteko mugimendua da bidezko merkataritza. Bere helburua da ekoizle behartsuenak merkatura sartzeko baldintzak hobetzea, eta pobrezia eta munduko desberdintasuna finkatzen duten nazioarteko merkataritzaren arau bidegabeak aldatzea.

Nazioartean adostu duten bidezko merkataritzaren definizioa hau da:

 “Elkarrizketan, gardentasunean eta errespetuan oinarritutako sistema komertziala da bidezko merkataritza. Bere helburua nazioarteko merkataritzan zuzentasun handiagoa izatea da, gizarte- eta ingurumen-irizpideei arreta handiagoa jarriz.  Garapen iraunkorrari laguntzen dio, merkataritza-baldintza hobeak eskainiz, eta ekoizpen eta langile behartsuen eskubideak bermatuz, Hegoaldean bereziki”. (Bidezko Merkataritzaren Mundu Erakundea, WFTO)